EGK [eus] :: Gaur Prentsan :: Erretiroa atzeratzearen aurkako protesta eguna da gaur
eu | cas | en | fr

Berria 2010-09-07

Manifestazio jendetsuak eta greba handi bat espero diren arren, Sarkozyk dio ez duela atzera egingo

Iker Aranburu.

Aspaldiko protesta egun handiena espero dute gaur Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuak erretiroaren adin ofiziala atzeratzeko legearen aurka. Manifestazioa izango da Baionan, eta grebara deituta daude langileak.

Gaur hasiko du Frantziako Asanblea Nazionalak pentsio sistemaren erreformaren eztabaida. Puntu polemikoena erretiroaren adin ofiziala 60 urtetik 62 urtera atzeratzea da. Frantziako Gobernuak argudiatu du neurri hori ezinbestekoa dela pentsio sistema publikoak iraungo badu, urtetik urtera defizit handiagoa pilatzen ari baita. «Ez naiz izango gaia konpondu gabe joan den beste presidente bat gehiago», adierazi zuen ostiralean Nicolas Sarkozy Errepublikako presidenteak. Erreforman aldaketa txikiak egiteko prest azaldu da Sarkozyren alderdia, UMP, baina iragarri du ez duela erreformaren muina aldatuko. Ezkerreko oposizioak aurkakoa botoa eman arren, erreforma onartzeko gehiengo zabala du UMPk.

Erreforma geratzeko, bi milioi lagunetik gora erakarri nahi dituzte Frantziako sindikatuek manifestazioetara. Baionan, ekainaren 24ko protestan bildutako hamar mila lagunen kopurua gainditzeko erronka jarri dute antolatzaileek. Protesta 10:30ean abiatuko da, Lan Burtsatik, CFDT, CGT, UNSA, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek deituta. Manifestazio harekin bat egin dute Oldartu kolektiboak eta LABek ere. Azken horrek atzo ziurtatu zuenez, lan denbora luzatzeak ez du deus konponduko, «gazteak lan munduratzeko politika eraginkorrik ez baita»: «Sinetsarazi nahi digute erretretak sobera gora direla, baina oroitarazten dugu Euskal Herriko erretretadunen erdiak pobreziaren mugaren azpitik bizi direla». Hilaren 18rako beste manifestazio bat antolatu du sindikatu abertzaleak Baionan.

Greba enpresa pribatuetan

Grebara ere deitu dute sindikatuek. Aurreko deialdietan sektore publikoan izan du lanuzteak arrakasta handiena, baina oraingoan sektore pribatuan ere langile andanak parte hartuko duela esan du Alain Duzertek, CGTko Ipar Euskal Herriko ordezkariak.

Greba atzo bertan hasi zuten irakaskuntzan. SNUipp-FSU sindikatuaren arabera, Pirinio Atlantikoetako lehen hezkuntzako irakasleen %60k lana utzi zuten. Frantzian erantzuna %30ekoa izan zela ziurtatu dute sindikatuek, eta %5,6ko datua eman du Hezkuntza Ministerioak.

Atzo iluntzean hasi zuten greba garraio publikoetako langileek ere. Hegaldien laurdenak gutxienez bertan behera geratuko dira, eta litekeena da kopurua handiagoa izatea trenbideetan.


UTZI ZURE IRUZKINA
Izena
E-maila
Zure e-maila ez da argitaratuko.

Laguntzailea

Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Creative Commons License
EGK.ORG is licensed under a Creative Commons License