Adimen urritasuna duten 460 bizkaitarri bi asteko oporraldia izateko aukera eman die Gorabide elkarteak
Maite Asensio.
Bilbo
Ahizpa irribarre zabalarekin heldu dela ikusteak «bihotza pozez bete» dio Ana Simoni. Adimen urritasuna du Monica Simonek, eta, 30 lagun ingururekin batera, bi aste eman ditu Irunen (Gipuzkoa), adimen urritasuna dutenen aldeko Bizkaiko elkarte Gorabidek antolatutako oporraldian. Lehenengo aldia da halako ekimen batean parte hartu duela, baina «zoriontsu» itzuli da; baietz dio, zalantza izpirik agertu gabe, datorren udan berriz joan nahi duela.
Eta Ana ahizpa ere, pozik: «Oporretan joandako lehen aldia zenez, beldur pixka batez nengoen, baina bigarren egunean deitu zidan, oso ondo zebilela esanez, egindako gauza guztiak kontatuz». Hala da, Monica Simonek gogoz ematen baitu bere oporren berri: «Irun ezagutu dugu, hondartzara joan gara, erromatarren museoa ikusi dugu, eta tximeletena ere bai. Ni medikuarengana ere joan nintzen, eztarria txarto neukalako; uste dut hotzak eragin zidala».
Adimen urritasuna dutenen senideentzat ere atsedena dakarte horrelako egitasmoek. «Egunerokoa gogorra da, eta oso nekatuta amaitzen dugu, fisikoki zein psikologikoki». Oporren bidez, behar duten «arnasaldia» dute familiek; hain zuzen, horrelakoak maizago egin beharko liratekeela uste du Ana Simonek, eta antzeko ekimenetara baliabide gehiago bideratu beharko liratekeela. «Mirarituta» dagoela erantsi du, begiraleen aldetik jasotako tratua ere oso ona izan delako: «Maitasun handia ematen diete, eta oso ondo dakite haiekin nola jardun».
Begiraleak ere kontent itzuli dira; adimen urritasuna duten lagunak penaz agurtu dituzte, oporraldia labur egin zaiela esanez. Tamara Puenterentzat lehen aldia izan da boluntario gisara: «Hasieran galduta sentitu nintzen, baina orain ez ditut joaten utzi nahi». «Oso aberasgarria da. Batzuek ez dizute hitzez adierazten, baina haien irribarrea eragiteak betetzen gaitu», erantsi du ondoan Bea Gonzalezek.
Guztira, adimen urritasuna duten 460 pertsona joan dira edo joango dira uztailean eta abuztuan zehar oporretan Gorabiderekin. Baina, horiez gain, beste zazpi lagunek hartu dute parte Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren gizarteratze programetan. Jon Caubilla horietako bat da; bi aste eman ditu Ereñon (Bizkaia), arkeologia auzolandegi batean. Urritasunik ez duten bere adineko pertsonekin egon da, berdintasun abagune batean: «Hilotzak desestali ditugu. Parrandan ere atera gara, mozorrotuta». Caubillak ere berriro joan nahi du. «Baina beste jarduera batean, gauza berriak egin nahi ditut».
UTZI ZURE IRUZKINA