EGK [eus] :: Gaur Prentsan :: Inoiz baino beharrezkoagoak
eu | cas | en | fr

Berria 2010-05-02

Langileen borroka eta batasuna premiazkoa dela nabarmendu dute ELAk eta LABek mobilizazioetan. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa eskatu dute CCOOk eta UGTk

Krisiaren erdian, gizarte zerbitzuen eta langileen eskubideen gaur egungo eredua kolokan dagoela eta, sindikatuak inoiz baino beharrezkoagoak direla nabarmendu du Euskal Herriko gehiengo sindikalak Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan. Administrazioek eta enpresaburuek bultzatu nahi dituzten aldaketei aurre egiteko, eredu ekonomikoaren eta politikoaren aldaketa bultzatzeko.

ELA. Lan harremanen euskal esparruaren defentsan

Antolakuntza eta nortasuna. Langileen borroka eta sindikalgintza inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu du Adolfo Muñozek Maiatzaren Lehenaren harira ELAk antolatutako ekitaldian. Urtero bezala, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkariak Bilbon antolatutako ekitaldira deitu ditu ELAk.

Goizeko hamaikak aldera hasi dira Jesusen Bihotzeko inguruak bandera berdeekin betetzen, eta, idazkari nagusiaren hitzaldiaren ostean, eguerdiko hamabietan, perkusio doinuek girotutako manifestazioa abiatu dute Plaza Biribileraino.

Langileen eskubideak murrizteko helburuan, patronala «serio» ari dela eta «gobernuaren babesa» duela ohartarazi du ELAko buruzagiak, Bilbon bildutako milaka ordezkariren aurrean: «Erasoa geldiarazteko modu bakarra indar sindikala da». Horrela, enpresaburuek lan baldintzak «kosta ahala kosta» okertzeko asmoarekin aurrera jarraitzen badute, «lan gatazka ugarirekin topo egingo dute».

Espainiako Gobernuak proposatutako erreformak, bestetik, «prekarietate gehiago» baino ez du ekarriko, Muñozen esanetan. Elkarrizketa sozialean UGTrekin, CCOOrekin eta patronalarekin adostutako neurriak ere kritikatu ditu, negoziazio esparrua zentralizatzeko asmoa batez ere. ELArentzat, «ezinbestekoa» da lan harremanen euskal esparruari eustea eta, horregatik, «Euskal Herrian negoziatzeko aukera urratu nahi duen Espainiako Gobernuaren eskutik ez joateko» galdegin zien Muñozek euskal alderdiei.

ELAk hainbat enpresatan babestutako gatazkak ere nabarmendu dituzte Langileen Egunean. Errenteriako Sabecoko langileek eginikoari «eredugarria» deritzo Muñozek, hamasei hilabeteko borrokaren ostean lortutakoagatik.

LAB. Langileak, aldaketa politiko eta ekonomikoaren oinarri

«Krisia herrietan bizi delako», eskualdeka antolatu ditu Maiatzaren Leheneko ekimenak LAB sindikatuak. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, goizean, Goierri izan du protesta eta aldarrikapenerako leku, bi arrazoigatik: batetik, krisiak astinaldi gogorra eman diolako eskualde horri, bi urtean langabe kopurua bikoiztuta; eta, bestetik, Gemma Zabaleta Eusko Jaurlariltzako Lan sailburua bailara horretan bizi delako, eta langileak mobilizatzeko gai direla erakutsi nahi izan diotelako.

Beasaingo tren geltokian, 12:30ean zen hitzordua, eta ehunka lagunek erantzun die LABen deiari. Ordubete geroago ailegatu da Ordiziako plazara.

Krisia, bizpahiru urteotako kontua baino gehiago, azken hamabost urteotan oker hartutako erabaki politikoen eta egindako erreformen ondorioa dela nabarmendu du Etxaidek, manifestazioaren osteko ekitaldian. «Hortaz, krisitik irteteko ere erabaki politikoak hartu beharko dira, aldaketa dakarten erabakiak». Eredu sozioekonomiko berri bat garatzeko, Euskal Herriari burujabetza politikoa aitortzea ezinbestekotzat jo du LABeko idazkari nagusiak. «Ezker abertzaleak hartu du ekimena, hartu du konpromisoa, eta gainerako gizarte eragile eta alderdi politikoei ere gauza bera egiteko eskatzen diegu».

Aldaketarako baldintzak lehenbailehen jarri ezean, langile eta herritarren eskubideetan atzerapausoak etorriko direla ohartarazi du Etxaidek, lan eta pentsio erreformak tarteko. «Krisia bukatzean, hori geratuko da langileontzat, murriztutako gizarte zerbitzuak». Langileak batzera deitu du Etxaidek, «langileon eskutik etorriko delako aldaketa».

LABek egindako zenbaketaren arabera, 10.000 lagunek parte hartu zuten haren mobilizazioetan.

CGT, CFDT, FSU, Solidaires. Erretreta, kezka nagusi

CGT, CFDT, FSU, Solidaires eta Unsa sindikatuek deiturik, Baionako hitzordura 2.000 lagun bildu dira. Enpleguan, soldatan, babes sozialean, formakuntzan eta zerbitzu publikoan berme kolektiboak lortzeko: denok batera pankartaren gibelean elkartuta, hamaika aldarrikapen eta kezka entzun ahal izan dira.

Hala ere, bidean den erretreta sistemaren erreformari buruzko kezka izan da nagusi. Izan erretretadun edo langile, Frantziako Gobernuak aipatzen dituen aldaketak gaitzetsi dituzte denek. Orain arte dagoen banaketa sistemari eustearen alde eta erretreta adinaren gibelatzearen eta kotizazio iraupenaren luzatzearen aurka daudela entzunarazi dute.

Oro har, «gobernuaren eta patronalaren politikaren aldaketa» aldarrikatu dute. Buruturiko hainbat erreforma gaitzetsi, eta izan sektore publikoan ala pribatuan, enpleguaren mantentzea eta lan mundura sartzen laguntzeko neurriak hartzea aldarrikatu dute. Soldaten eta eros ahalmenaren emendioa ere galdatu dute.

Bost sindikatuez gain, beste hainbat eragilek ere haien mezua zabaldu dute: Goazen independentzia eta sozialismoruntz pankartaren gibelean elkartuta zeuden Segiko hainbat kide; Gehiago lan egin, gehiago irabazteko logikaren aurka mezua zabaldu du, bere aldetik, Bizi elkarteak; Oldartu kolektiboa ere egon da, greban dauden paperik gabeko langileei elkartasuna adierazten; lan munduan emakume eta gizonen arteko parekotasuna eskatu du, bere aldetik, PAF elkarte feministak; eta PCF komunistak, PS sozialistak, NPA alderdi antikapitalista eragile politikoek ere haien pankarta zuten.

Maulen, Hazparnen -LABen 10 urteen kari- eta Hendaian ere egin dituzte manifestazioak.

CCOO. Irtenbidea, sindikatuen eskutik

Euskadiko CCOOk eta UGTk elkarrekin egin zituzten manifestazioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa izan zen mobilizazioetako eskaera nagusia.

Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren esanetan, krisitik ateratzeko modua dago jokoan. Horregatik, irtenbide hori zehazteko eta erabakitzeko orduan sindikatuak ezinbestekoak direla aldarrikatu zuen, «krisia oso gogor ari baitzaie eragiten langileei». Justizia sozialaren eta aberastasunaren banaketaren alde egin zuen, espekulazioaren aurrean.

Nafarroan CCOOk eta UGTk bakoitzak bere aldetik ospatu zuten Maiatzaren Lehena, CCOOk Iruñean eta UGTk Lizarran. Biek, baina, lelo bera erabili zuten: Eskubideak dituen enpleguaren eta gure pentsioen bermearen alde.

Jose Maria Molinero CCOOko idazkari nagusiak neurri politikoak eskatu zituen langabeziari aurre egiteko eta ekonomia akuilatzeko. Ez zituen neurriak zehaztu.

Bi sindikatu horiek harreman ona dute Nafarroako Enpresaburuen Elkartearekin (CEN). Dena den, Molinero CCOOko idazkari nagusiak CENi esan zion beren arteko elkarrizketak isla izan behar duela negoziazio kolektiboan eta onartzeko dauden lan hitzarmenetan.

«Langileen eskubideen murrizketak eta prekarietateak ez ditu enpresak lehiakorragoak, produktiboagoak eta hobeak egingo», esan zuen. «Alderantziz. Beraz, enpresaburuek gogoeta egin behar dute».

UGT. Politikariei kritikak

Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusiaren iritziz, enplegu egonkorra sortzeaz gain, negoziazio kolektiboa desblokeatu behar da.

Lizarran, Oncineda karpan, Juan Goyen Nafarroako UGTko idazkari nagusiak nabarmendu zuen langabeziari aurre egiteko, lan erreforma onartu baino gehiago, ekonomia suspertu behar dela. Laguntza eta inbertsio publikoei eusteko eskatu zien administrazioei.

Politikarien jarrera kritikatu zuen: Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearena, langileen eskubideak ez zituela murriztuko agindu arren, murrizteko asmoa duelako; UPNrena, Nafarroa norabide zehatzik gabe gidatzeagatik; eta UPNrena eta PSNrena, krisiari aurre egiteko akordiorik lortu ez dutelako.

 

UTZI ZURE IRUZKINA
Izena
E-maila
Zure e-maila ez da argitaratuko.

Laguntzailea

Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Creative Commons License
EGK.ORG is licensed under a Creative Commons License