EGK [eus] :: EGK-k sinatutako manifestuak :: Ez dute elkartasuna isilaraziko :: Israelen aurkako boikot, desinbertsioak eta zigorrak
2011-04-12
Ez dute elkartasuna isilaraziko. Israelen aurkako boikot, desinbertsioak eta zigorrak

Ez dute elkartasuna isilaraziko. Israelen aurkako boikot, desinbertsioak eta zigorrak

2005ean Palestinako 200 alderdi politiko, gizarte eragile eta elkarte inguruk Nazioarteko BDS (Israeli Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) Kanpainari ekin zioten. Orduan, garai bateko Hego Afrikako apartheid erregimenaren aurkako nazioarteko boikot kanpaina eredutzat hartuta, elkartasun deia zabaldu zieten mundu osoko gizarte eragile eta norbanako solidarioei, izan ere, jakin bazekiten Israelgo apartheid erregimena suntsituko bazuten estatu sionistaren gaineko presioa eragingo zuen mundu mailako borroka baketsu baten beharrean zeudela. Beraz, mundu osoan Israelgo estatuko ordezkariei boikot egiteko (kirol arloan, kultura arloan, diplomazia arloan, arlo akademikoan zein arlo artistikoan) eta Israelekiko merkatal harremanak bertan behera uzteko deia egin zuten, harik eta Nazioarteko Giza Eskubideen legedia betetzen duten arte. Beraz, boikot deia ez zen norbanakoei zuzenduta, baizik eta Israelgo erakundeei, ordezkariei, eta baita apartheid politikei babes publikoa ematen dieten pertsonei ere.
Euskal Herrian, zenbait gizarte eragilek, internazionalista taldek, eta norbanako solidariok BDS deia jaso eta Palestinako herriarekiko elkartasunean hitzetatik ekintzetara pasatzeari ekin genion. Iragan azaroan, Senperen egindako batzarrean, tokian tokiko eragile eta elkartasun plataforma horiek Euskal Herria-Palestina Sarea sortu eta elkarlanean ari gara.


Urte hauetako jardueran, hortaz, behin baino gehiagotan egin diegu aurre Israelgo estatuko ordezkariei, izan ere, uste dugu Israelgo apartheid politikak gaitzesten ez dituzten kirolari, musikari, edo, oro har, ordezkariei harrera adeitsua egitea Israelek bultzatutako normaltasun kanpainari laguntzeko bide bat dela. Baina azken urte hauetan burututako protesta ekitaldiek ondoriak ere izan dituzte. Ekintza horietan jazarpen larriena pairatu dutenak Tel Aviveko Maccabiren kontra burututakoak izan dira, izan ere, Israelgo kirol enbaxadoreek Euskal Herrian jokatu dutenetan egindako protesta ekitaldietan poliziaren bortizkeria ez ezik, salaketak eta isunak ere jaso ditugu. Maccabiren aurkako boikot ekintza burutzeko erabakia, baina, ez da funtsa gabekoa izan, izan ere, saski baloi taldeak ezinbesteko papera jokatu du Israelgo armadak Gazan burututako sarraskiak zuritzeko kanpainan. Datorren apirilaren 12an izango dugu Gasteizen BDS ekimeneko ekintzaile baten aurkako lehenengo epaiketa. Baskoniaren kantxara Palestinako bandera zeramala salto egiteagatik ikur terroristak erakutsi zituela leporatu eta 3001 euroko isuna ezarri zioten. Gerora salaketa aldatu eta 1400 eurora murriztu diote zigorra, baina zehaztu gabe zein ote den leporatzen dioten delitua eta zergatik ote zuten ikur terroristatzat bandera legal bat. Baina hori ez da azkena izango, izan ere, gerora ere, beste ekintzaile batzuek jasan izan dute jazarpena eta kriminalizazioa, eta honen atzetik epaiketa eta zigor gehiago ere etorriko dira.


Baina, halaber, uste dugu elkartasunaren kriminalizazioa boikot kanpainaren lorpenen ondorioa baino ez dela. Gure lanak kolokan jartzen ari da iritzi publikoaren aurrean israelgo apartheid politiken zilegitasuna eta horrek beldurra ematen die Israelgo interesen defendatzaileei, eta beldurraren beldurrez eta argudioen faltan elkartasuna kriminalizatu beste irten biderik ez dute ikusten. Horren adibide ugari izan dugu azken aldi honetan, besteak beste, ekintzaile ezagunen aurkako jazarpena, zenbait politikarik kaleratutako boikotaren aurkako manifestua, BDS kanpainaren aurkako boikot mediatikoa.
BDS mugimenduaren aurkako kriminalizazio kanpainak, beraz, berresten digu apartheidaren aurkako borrokan bide zuzenean ari garela, eta kikildu baino boikot estrategiari eusteko indarra ematen digu. Hortaz, gure konpromisoa adierazi nahi dugu nazioarteko mugimendu honekin, harik eta Israelgo estatuak bere apartheid politikak bertan behera utzi eta palestinarren giza eskubidean errespetatzen dituen arte.


Euskal Herria-Palestina Sarea


Diru-laguntza eman dute:

 

Eusko Jaurlaritza     Arabako Gazteria       Bizkaiko Aldundia     Gazte Bizz     Gipuzkoako Aldundia