EGK [en] :: Articles :: Demagun Gazteria Lege berri bat sortu nahi dudala
2010-07-05
Demagun Gazteria Lege berri bat sortu nahi dudala

Euskonews Gaztea astekari digitalean argitaratua, uztailaren 16an.
http://gaztea.euskonews.com/0541zbk/gaia54105.html


Irakasle ohi baten eredua jarraituaz:

Demagun lege berri bat sortu nahi dudala.
Zoritxarrez, gaur egun gaizki ikusia dago aldebakarrekotasuna (hau bai lanerako oztopoa!) eta disimulatu beharra dago. Esan didatenagatik, ondo legoke prozesu partehartzaile bat irekitzea legea hainbaten artean sortzeko. Jarrera egokia erakusten omen du honek eta moda-modan dago gainera.

Demagun nik diseinatuko dudala prozesu partehartzailea.
Garrantzitsuena prozesua erakustea da, noski, ez partzehartzea bermatzea. Azken finean, borondatea erakutsiz gero, hori omen da balio duena. Ea ba, has gaitezen. Aurrena, datak mugatuko ditut. Bestela hemen gauzak patxadaz hartuko ditu jendeak, eta honek luze jotzen badu, niri ez datorkit batere ongi. Zenbat eta lehenago amaitu hobe, eraginkortasun itxura handiagoa emango dut eta. Parte hartzaileak larri ibiliko direla lan egiteko? Hor konpon, alfer hutsak besterik ez dira. Gainera hala hobe, buruari gehiegi eragiten badiote agian nire proposamenen aurka azalduko dira eta.

Demagun nik dagoeneko badudala legearen eskema nire buruan.
Nik nahi dudana idatzita emanez gero, ondoren soilik nire ideiaren inguruko aldaerak etor daitezke, ez bestelako ideiak. Hala egingo dugu, ez gaitezen gehiegi aldendu nik nahi dudanetik. Bada ezpada ere.

Demagun nire idatzizko proposamena ez dela guztiengatik ulergarria.
Nire errua al da ez badute lengoaia teknikoa menperatzen? Ikas dezatela, nik egin nuen moduan. Ederki asko ulertu nuen ba nik Grouchoren hitzaldia: "La parte contratante de la primera parte...".

Demagun parte hartzera deitutako zenbaitek ez dakitela lege bat nolakoa den edo orain artekoaren ezaugarriak zeintzuk diren.
Askoz hobe, hala nik aurkeztutakoaren alderdi positiboak ikusiko dituzte soilik. Ezin badute ezerekin alderatu berritzailea eta positiboa irudituko zaie, ez naiz ni izango ilusioa ezabatuko diena. Atsegina da gainera nire proposamena zein polita den entzutea.

Demagun metodologia diseinatu behar dudala.
Nik uste parte hartzaileek nahikoa izango dutela 2 orduko bileratxo batekin nire proposamena bere osotasunean irakurri, ulertu, hausnartu eta ondoren ekarpenak egiteko, ezta? Zertarako gehiago? Denbora eta dirua alferrik galtzea litzateke. Gainera nik esango diet bileraren eguna, ordua eta lekua, eta ezinezkoa bazaie hor konpon. Parte hartzen ez badute, nahi ez dutelako da.

Demagun guzti honen ondoren kontzientzia lasai edukiko dudala eta prozesua benetan partehartzailea izan dela azalduko dudala.
Azken finean, nire ideiari parte hartzaileek egindako proposamen txiki batzuk gehitu dizkiot, eta aldaketaren bat ere egin dut. Ez al da hori guztion arteko elkarlana?

Demagun artikulu hau fikziozkoa dela. Demagun.

Batiste Ezeiza. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea.

Con la ayuda económica de:

 

Eusko Jaurlaritza     Arabako Gazteria       Bizkaiko Aldundia     Gazte Bizz     Gipuzkoako Aldundia